Dio,
ezkerreko hankaz jaikitzen den horietan
borobil ikusten duela karratua.
Egunean zehar irri zenbatetan egin
erabakiko duen
dadoa aireratzean
inertziak errotik harrapatu eta eskura atzera datorkiola,
borobildutako ertzei eutsi ezinagatik
hatz eta hatz arteko atetik
ihes egiten diola.
Korridorean barna,
itzulipurdika.
Bizilaguna zelatatzeko zoruan egina duen
zulo kantoiaren errebueltan
galtzen den arte.
Irririk gabeko egunak
korridoreko moketa bezain beste
luzatzen zaizkio orduan.
Dio,
eskubiko hankaz jaikitzen den horietan
karratu ikusten duela borobila.
Kanikekin jolasteak
bere onetik ateratzen duela.
Halabeharrez du lorategia kanikaz josia
leihotik beherako zoria ez den beste zigorrik aurkitzen ez dielako.
Ohean gelditzen den horietan
ez dio hitz apurrik.
Inoiz baino gehiago
piezak bat ez datozelako edo.
Sabaiari begira gelditzeak baino
ez duelako betetzen
loak ezin hartu den hilotza.
Piezak ez datozelako bat,
pieza norbera denean.

Errazagoa baita gure irriak dadoko puntuxoei kontatzen uztea diktadura horri uko egitea baino. Hirugarren pertsona ere erosoa da oso mugez hitz egitean, inposatutako ardurez. Zuk esan bezala, gu gara geure buruaren epaile zorrotzenak.
Baina epaile epaituak modan daude azken egun hotan.
Norberaren izaera eta joerak teorizatu eta arrazionalizatu behar horretan aritzen gara etengabe. Idaztea bera ere agian horren fruitu da, norbere buruari ordena bat ipini nahi hori. Agian lortuko ditugu hiru lau pieza zentzuz elkartzea eta gustura biziko gara bi astetan, harik eta deskubritzen dugun arte puzzlea osatzeko ikaragarri falta zaigula. Ez dakit puzzleak mugarik baduen ala ez, baina mundua nola dagoen ikusita, pieza garela konturatzea bera ez da gutxi.