19
maiatza
10

laguna

norbait omen…

Advertisements
07
Api
10

Dio,

ezkerreko hankaz jaikitzen den horietan

borobil ikusten duela karratua.

Egunean zehar irri zenbatetan egin

erabakiko duen

dadoa aireratzean

inertziak errotik harrapatu eta eskura atzera datorkiola,

borobildutako ertzei eutsi ezinagatik

hatz eta hatz arteko atetik

ihes egiten diola.

Korridorean barna,

itzulipurdika.

Bizilaguna zelatatzeko zoruan egina duen

zulo kantoiaren errebueltan

galtzen den arte.

Irririk gabeko egunak

korridoreko moketa bezain beste

luzatzen zaizkio orduan.

Dio,

eskubiko hankaz jaikitzen den horietan

karratu ikusten duela borobila.

Kanikekin jolasteak

bere onetik ateratzen duela.

Halabeharrez du lorategia kanikaz josia

leihotik beherako zoria ez den beste zigorrik aurkitzen ez dielako.

Ohean gelditzen den horietan

ez dio hitz apurrik.

Inoiz baino gehiago

piezak bat ez datozelako edo.

Sabaiari begira gelditzeak baino

ez duelako betetzen

loak ezin hartu den hilotza.


Piezak ez datozelako bat,

pieza norbera denean.

11
Urt
10

pinotxoak sutan

Ez esan ez zarela inoiz Pinotxo sentitu, zauriren bat egitean ez duzula zerrauts usaina sumatu. Sua zelatari dabilen horietan belzten zaizkigu bai azal bai itxurak, egurrezko gorputzak haren kasa koloreztatuz. Gaur orlegi, bihar errauts tontor zoruan.

Zu ez zara bestelakoa txikito, zu ere bazara egurrezkoa, txotxolo eta sudurluzea gainera. Harri hotzaren plantak egiten ibilita ere margotzen zaituzte gorriz lotsati eta beltzez harroputz, iltzatzen dizkizute laztanak mailukadaz eztiki. Zu ere kiskaltzen zara ezamodioaren garretan, Pinotxo.

29
Abe
09

txikitasunak

Fikziozko rendez-vous-ak lurrean eta lurretik, museoen kamerak zelatari. Handia nintzen horrelakoetan, erraldoia, belarri txikiko gorpuan.

Baina bada bestelako txikitasun bat. Zerikusi gutxi du metroek diotenarekin. Besteen handiusteak geure txikihuste bihurtzen dituen hiruko erregelari jarrai jokatzen duen txikitasun autonomoa dugu hau eta ez pentsa takoidun zapatek konpontzen dutenik.

Alferraren leloa aditzera egin zitzaidan belarria. Gero. Gero. Gero gerokoak. Horren erruz dihardut gaur atzokoetan. Horregatik sinetsi nituen entzundakoak itsu-itsuan, plaza borobiletako iturriek ura dariotela sinetsi nuen bezalaxe.

Orain ezin atera irentsitako handiusteen egi eskasak.

21
Urr
09

Gora

Hegan egitea

txirrindulan ibiltzea bezalakoxea litzateke.

Erakusten badigute ere, guk geuk ikasten dugu halabeharrez, hegoak astindu ezean, pedalei eragin ezean, jauzi egingo baikara.

Oreka mantentzea zaila egiten zaigun horietan gertu somatzen dugu lurra, errazagoa zaigu geure burua bera erortzen utzi eta denborak zauriak senda ditzala uztea, bertigoak suizidiora garamatza senak aginduta.

Senak, ordea, ez du perspektiba gorenetik behatutako paisaien berri, ez du lainorik hatzez ukitu. Gizajoa. Hark jakingo balu hegan egitea zer den! Geuk ere ez dakigu oraindik, baina ari gara ikasten.  Finean, txoriak gara, hegaldian hastear diren gautxoriak, oraindik horren eroso zaien lurra uztear dauden potentziak.

Irrikitan nago han, buru gainean dugun hori ezagutzeko. Asko eta asko ez dira iritsiko, nahiago izango dute bertan gelditu, arnasik alferrik ez galdu. Gu hara gora iristean, noizbait iristen bagara, hemen gelditutakoez errukituko gara, geuk ikusitakoa ezin izango baitute haien begiez ikusi, beste baten batek esana beharko dute jakin. Ikusitakoek galaraziko digute arnasa orduan.

Geure txanda da. Aireratzera ausartu beharko, nahiz eta akaso paperezko hegazkin baten batek jota lurrera jauzi. Soka batez loturik joango gara, ados? Gutako bat erortzen hasia bada besteak elebatuko du goruntz. Gora, beti gora.

Bazatoz?

09
Urr
09

Tai-Chi

Tai chi

Enrikek 30 egun igaro zituen monastegi batean, arimaren purifikazioa lortu nahian. Orain, 30 egun horietan esan gabeko hitz guztiak esaten aritzen da.